XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

bere ideia edo sentimenduren bat adierazteko aitzakia gisa erabiltzen ditu.

EUSKARAREN ALDEKO LANEN ANTOLAKETA

Bertsopaper eta olerkien arteko antzekotasun eta berezitasunez jabetu ondoren, hel diezaiogun lehengo kateari.

Lore Jokoen eraginez euskal kulturak izan zuen zuzpertzea aipatzen eta ikusten genuen arestian.

Egia da; gure nortasunari eusteko bide gisa, euskara arlo guztietan lantzea hartu zuten xedetzat Iparraldeko nahiz Hegoaldeko hainbatek.

Lore Jokoak euskal folklorearen erakustoki bilakatu ziren urte askotan, baina Euskal Herriak proiektu politiko baten beharra zuen bere etorkizuna oinarri sendoetan eraiki nahi bazuen.

Egoera horretan ulertu behar da Sabino Aranaren lana eta E.A.J.ren sorrera.

XIX. mendeko Lore Jokoak Euskal Jai eta Euskararen Egun bihurtzen dira XX. mendean.

Lehen kirolekin nahasian egiten ziren olerki sariketak. Orain, ostera, euskara arlo guztietan lantzea eta suspertzea da helburu: saiakera, eskola liburu, antzerki, nobela, olerki...

Antolatzaileak ere ez dira, lehen bezala, jaun mezenas edo laguntzaile bakanak; erakundeak ikus ditzakegu euskara eta Euskal Herria aurrera atera nahian: Diputazioak, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Euskal Esnalea, Eskualtzaleen biltzarra, Euskaltzaleak... Euskaltzaindia sortzeko erabakia, adibidez, Bizkaiko diputaziotik atera zen, ondoren beste euskal diputazioek era bat egin zutelarik.

EUSKALTZALEAK

Euskaltzaleak izeneko taldeak lan handia egin zuen euskararen alde gerra aurreko 10 urtetan.

1927an sortu zuten talde hori eta harrezkero herri askotan antolatu zituen Euskararen egunak.

Irakurketa eta idazketa saioak egiten ziren eta baita euskal liburu erakusketak ere.

1930ean baziren 2000 inguru Euskaltzaleak taldeko partaideak.

Euskal kultura lantzeko proiektuak gero eta arlo zabalagoak hartzen ditu: olerki, antzerki, elaberri, irakaskuntza, bertsolaritza e.a Aitzol, elizbarrutiko karguetan ibilia, hautatu zuten taldearen zuzendari.

Ez zuten nahi euskal kulturaren suspertzea eta garapena koordinatu gabeko noizbehinkako ekintza isolatuetan laga.

Horrela, Aitzol Euskararen egun eta Euskal Jaiak antolatzen saiatu zen baina baita olerki eta antzerkiak egunkari eta aldizkarietan argitaratzen ere.

Beti ere bere azterketa kritikoa gaineratzen zuen, kalitate hobea lortu nahirik.

1933an Yakintza aldizkaria sortu zuen, euskal literaturaren arlo ezberdinetan sakondu eta eztabaidak bideratzeko tresna izan zedin.

Horrez gainera, 1930etik 1936ra ospatu ziren Olerti Egunetan aurkezturiko zenbait olerki urtero argitaratu zituen Eusko olerkiak izenpean eta azterketa kritikoa erantsiz.

OLERKIAREN GARRANTZIA: OLERKARIAK

Euskal kulturaren arlo guztiak landu behar baziren ere, olerkiari garrantzi berezia ematen zioten garai honetan.

Edozein herrik beharrezkoak zuen bere Poema epikoa.

Euskal Herriak ere hala behar zuren, euskara edozein gai lantzeko gai zela erakutsi behar baitzen.

1930ean, hain zuzen, betetzen zen Federico Mistral Probentzako olerkari ospetsua jaio zenetik ehungarren urtea.

Mistralek Provenceko hizkeraz egin zuena egin beharra zegoen euskararekin ere.

Kontua da Mistralen Mireio poema euskaraz jarri zuela Orixek, euskara olerkigintzarako gai zela erakutsi nahirik edo.

Beste hizkuntza kultu edo landu guztiek bezala, euskarak ere bere olerki liriko eta epikoz jantzia behar zuen, euskara edozertarako gaituz.

Hona zer dioen Aitzolek berak: Idazleak aisago eta errezago ibil daitezen, olerkariek, erdialdi nekeak igarota, buruhauste gogorrak ikusita, hizketaren bide zabalak irekitzen dituzte.